HAMARRATZ
Uxune Iparragirre Argandoña naiz. Uxu, Uxune nahi duzun bezala dei nazakezu
Ongi etorri Hamarratzen txoko honetara. Hona iritsi bazara partekatzen dugun zerbait badugulako izango da.
Agian…
…bizitzako gauza txikiak maite dituzu.
…detaileak gustuko dituzu.
…papergintzari darion xarmak liluratzen zaitu
…eguneroko zalapartaren aurrean lasaitasunak dakarren on guztia estimatzen duzu.
Esandako horiekin guztiekin bat egiten baduzu, ondo moldatuko gara seguru; eta, bestela ere, elkar ezagut dezakegu!
Txikitatik eskuekin sortzeko grina izan dut.
Pasioa izanda, Hamarratz lanbide bat baino gehiagotzat daukat, neure burua zaintzeko eta neronentzat denbora tarte bat hartzeko modua ere bada-eta. Eskuekin lan egiteak ematen didana handia da. Terapia modukoa.
Gehitu horri, kafe kikara baten edo infusio bero baten lagunartea, etxean egindako gozoki batzuen usain eta zaporearekin batera… Konbinazio zoragarria da, eguneroko lozorroari aurre egiten diona eta lan hutsa plazer handi bihurtzen duena.
Animatuko al zara nirekin esperientzia goxo eta gozo hau probatzen?
Lasarte-Orian jaio nintzen, duela urte batzuk jada. Orain arteko bidean nahikoa esperientzia hartutakoa naiz, baina egunerokoak dakartzan gauza berriekin liluratzen jarraitzen duen horietakoa ere banaiz.
Bidaiatzea dut gustuko, baita kulturak, musikak, tradizioek eta antzinako gauzek duten xarma ere. Baina batik bat irribarreak partekatzea maite dut! Pertsona bakartia ere banaiz, neure burua zaintzea eta gauza soilekin gozatzea maite duena.
Ameslaria, gauza berriak probatzeko gogoz dagoena; eta baita, ordena eta garbitasuna lagun, gauza ederrak sortzeko grina bizia duena.
Txikitan eskuz egindako lanak sortuko nituela amesten nuen. Gauza berriak ikasteko eta sortzeko gogo handia nuen: Etxean ikusia, huraxe bera ikasi!
Ikasketa profesionalak eta bizitzak bidean eskaini dizkidanak uztartuta, 2020ko itxialdiaren ostean beti barruan izandako grina, gogo hori, errealitate bihurtzeko erabakia hartu nuen. Eta horrela murgildu nintzen Hamarratz ere baden itsaso zabal honetan.
Nire xedea:
Bidean, eta ibilian, sortze-prozesuaren denboraz eta eskuekin egindako lanaz gozatzea.
Tradiziozko ofizioak oinarri gisa hartuta, orain eta hemen, gaurkotasunetik sortzea. Egiten dudan lan bakoitzarekin eguneroko ziztuzko abiadura pausatzea eta prozesuen erritmora egokitzea.